XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Tolestura guzti hauek nolabaiteko hondamena jaso zuten miozenoan, derrubioak ezarriz Erriberaren bazterretan.

Geroago, mugimendu halozinetikoek eta azken berregokitze isostazikoek berriro jaso zituzten lerro hauek.

Laugarren aroan eta pliozenoan, higalanak nolabait hondatu egin zituen egitura hauek, erliebe maldatsua eraginez, tuparrizko sakan txikien eta haran ortoklinalen bidez banatuak euren artean.

Material bigunak (igeltsuak, buztinak edo tuparriak) azaleratzen diren tokietan, higalanak, modu ez osoan gutxienez, hustu egin ditu gune hauek, kubeta luzeska txikiak tailatuz, konglomeratuzko, kararrizko eta hareharrizko maldek inguratuak eta menderatuak, Lizarrako diapiroan ikusten den bezala.

Gune hau Iurramendi (1.045 m.) eta Monjardineko (890 m) konglomeratu-apuntamenduek inguratzen dute.

Antzeko zerbait gertatzen da Allotz (Eskintza mendia, 739 m.) eta Saitz izeneko diapiroetan.

Erriberara hurbiltzen garen neurrian erliebeak bizitasuna galtzen du, nolabait maldatsuak diren tarteak baino ugariagoak bilakatuz ibaiek banatutako haran zabalak.

Benetan ditugu ugariak glazis nahastuak eta terraza mailak.

Modu zehatzean esateko, Tafalla eta Olite artean bost terraza-maila identifikatu dira, Lizarran eta Bilatortan bi metaketa-maila identifikatu diren bitartean.

2.2 ERRIBERA

Erriberaren bataz-besteko altuera urria da, hegoekialdeko eta hegomendebaldeko ertzetan 600 metroak baino ez bait dira lortzen.

Morfologiaren aldetik, multzo honen barnean azpiunitate honako hauek bereiz ditzakegu:

2.2.1. Behe legar-lautadak.- Erribera ureztatzen duten ur-emari guztiak zabalera ezberdineko legar-lautadak dituzte, zehazki esateko, Quiles eta Alhama ibaietan, legar-lautadak zabalera murriztua agertzen dute, Aragoi eta Ebro ibaietan zabalkuntza handiagoa lortzen duten bitartean.

Lautada hauek urbideetan aurkitzen dira eta malda gutxiko azalera zabalak osatzen dituzte.

Litologiaren ikuspegitik neurri ezberdineko legar-metaketa bezala defini daitezke (ur-harriak, hartxintxarrak, hareak, limoak eta buztinak) harkaitzezko oinarria estaliz.

Sakonerak gutxitan gainditu ditzake 3-4 metroak.

Malda gutxiko guneak direnez, hauek zeharkatzen dituzten ibaiak bare doaz, meandroak, hil besoak, aintzirak eta uharteak sortuz.

Lautada hauek ondo mugaturik daude altuera ezberdina duten eta oso malda sakonek osatutako lerro baten bidez.

Normalean erliebe hauek, aintzinako ibai metaketek koroatutako igeltsuzko, buztinezko edo tuparrizko gailurrek osatzen dituzte

2.2.2. Ibai-terrazak.- Garapen ikaragarria lortzen dute, (...).